• 28
    AZA
    2014
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Interesgarria Martxelo Otamendirekin izandako solasaldia

    Interesgarria eta aurreikusi gabeko arrakastaz joan zen Martxelo Otamendirekin, BERRIAko zuzendaria, independentziarako bideei buruz izan genuen solasaldia.

    (Osatutako bertsioa)

    Hirurogeita hamabost lagunen artean solasaldi gozoa sortu genuen atzo Gerriko txokoan. Independentziarako bidean Eskoziako, Kataluniako eta Euskal Herriko egoerak jorratu genituen Otamendiren azalpen argigarriez lagunduta.

    Laburbilduz, Quebec-eko aipamena egin zigun Martxelo Otamendik: "Datorren urtean 20 urte beteko dira Quebecen independentziaren erreferenduma egin zutela. Independetziaren aldeko botoa %49,6ra iritsi zen 1995ean egindako erreferendumean (1980an egindakoan, %40,5era). Hogei urte pasatu dira Quebeceko erreferendum hartatik, independentziaren aldeko aukera indarra galtzen joan da, eta gaur egun, epe laburrean behintzat, ez da aurrikusten beste bat egitea. Independentziaren aldeko indarren hazkundea, Quebecen, Eskozian eta Katalunian antzera gertatu da, oso denbora laburrean ematen den hazkunde explosiboa da; baina tren hori urte askotan behin pasatzen da, eta ez baduzu une horretan harrapatzen, urte (hamarkada?) batzutarako galdu duzu".

    Eskoziari dagokionez, galdera ikur dezenteko bat ikusi genuen bertako independentziazaleen gainean; alegia, oraingo indarrari zenbatean eutsiko dioten bere horretan edo, erreferendumean izandako ezezkoaren ondoren, kemen hori ez ote den behera etorriko pixkanaka denborarekin. Ikusteko dago.

    Kataluniari dagokionez, berriz, une baikor eta ilusionagarri baten aurrean daudela argi dago. Azaroaren 9ko ariketak berebiziko garrantzia dauka bere horretan: aurrez izan ziren oztopo eta mamu guztien gainetik bozkatu egin zutelako. Lortu egin zuten. Gainera, gizarte mugimenduak izugarrizko indarra dauka. Orain, hauteskunde aurrerapena izango dela iragarri daitekeen arren, ikusteko dago independentziaren aldeko alderdiak zerrenda bakarrean joango diren ala bakoitza bere aldetik joango den. Ondorengo egunetan ikusiko da. Halere, seguru xamar esan daiteke, datorren otsailerako ez badituzte hauteskunde aurreratuak adosten beste urte eta erdi edo bi urteko epean ezingo dutela ezer antolatu, tartean dauden beste hauteskunde prozesuak baitaude iragarrita. Eta hori independentzia zaleen aurka joan daiteke.

    Eta Euskal Herrian zer? Martxelo Otamendiren arabera geuk argitu behar dugu gure artean lehenbizi estatu bat izan nahi dugun edo ez. Hori argi eduki arte nekez suma daiteke aurrerapausorik. Eta askatu beharreko beste korapiloa zera da: lurralde guztiak erritmo berean joango garen edo batzuk beste batzuen aurretik joan beharko duten. Hori ere argitzeko daukagu.

    Horrelaxe, amaitu genuen atzoko solasaldia giro atseginean.

    *Oharra: antolatzaileok barkamena eskatzen dugu megafoniarik beharko zela ez genuelako aurreikusi. Hobetzekoetan gorde dugu.

     

<< 2019, abuztua >>
As. As. As. Ost. Ost. Lar. Ig.
   1
 
2
 
3
 
4
 
5
 
6
 
7
 
8
 
9
 
10
 
11
 
12
 
13
 
14
 
15
 
16
 
17
 
18
 
19
 
20
 
21
 
22
 
23
 
24
 
25
 
26
 
27
 
28
 
29
 
30
 
31
 
 
       

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /